Ermuako Udalak 100.000 euroko diru-laguntza jaso du Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren eskutik, Hiri Agendaren tokiko ekintza planaren proiektu pilotua prestatzeagatik. Laguntza hori Next Generation funtsetik dator, pandemiak eragindako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen lagunduko duen Europako Berreskuratze Planetik.

Proiektua astearte honetan aurkeztu da Informazio Batzordean. Rosalía Herrera Udaleko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Ermuako Hiri Agenda izango da udalerrian Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lantzeko proiektuak hartuko dituen esparrua. Hiri Agenda GIHak hainbat ardatzetan banatzen dituen egitura da, herriaren beharrak landu ahal izateko.

Azken hilabeteetan abian jarri diren parte-hartze prozesuen bidez, Ermuako Udalak hiriaren berrikuntzako ardatz estrategikoak Hiri Agendaren helburuekin eta tokiko ekintza-planean zehaztuko diren epe labur, ertain eta luzeko ekintzekin lerrokatu ditu.

Ekintza plan hau eta horren ondoriozko proiektuak garatzeak gure herria hiri bizigarriago, berde, sozial eta berdintasunezkoago bihurtzea erraztuko du. Mugikortasun iraunkorra, irisgarritasuna, hiri-birsorkuntza, etxebizitza-parkearen birgaitzea, kalitatezko enplegua eta gizarte-ahultasunen prebentzioa izango dira Hiri Agenda honen ardatzak. Edukiak Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraukorrerako Helburuetan (GIH) sartuko dira.

Ekintza plana eta hiri proiektuak

Tokiko Hiri Agendaren lan-planak hainbat fase ditu:

Lehenik, abiapuntuko dokumentazioa aztertu behar da. Profesional adituen laguntzarekin, Udalean aldez aurretik landu diren dokumentu estrategikoak aztertu dira, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta horietan oinarrituta, diagnostiko bat aurkeztu da.

Ondoren, diagnostikoa eskura, formulazio estrategikoko proposamen bat egin da Hiri Agendara iritsi ahal izateko.

Gaur egun, ekintza-plana bera egiten ari dira, diagnostikoa eta formulazio-proposamena kontuan hartuta.

Hurrengo etapan, monitorizazio-sistema bat egingo da.

Fase guztietan profesionalen eta herritar guztien komunikazioa eta parte-hartzea dago.

Hiri Agendaren Ekintza Planak Ermua eraldatzeko hainbat proiekturi helduko die, hiri bizigarriagoa, berdea, soziala eta berdintasunekoa izan dadin. Agendaren helburuekin bat datozen eta aurrera eraman daitezkeen proiektuetako batzuk hauek dira: Gipuzkoa etorbidearen eta Eitzagaren arteko bide berdea, trenaren lehengo bideetan; airearen kalitatea hobetzeko plana; iraunkortasun energetikoaren plana; Ermua Mugi; ekipamenduetarako apartamentuak eta sare ziklagarria, besteak beste.

Informazio Batzordearen aurkezpenean ikus daitezke xehetasun guztiak, 02:43 minututik aurrera.

Pin It on Pinterest

Share This